
Asteartea, 2009ko irailak 22.
Berriro, baina 25 urte geroago.
Anatoli Karpov eta Garri Kasparov elkarren kontra ariko
dira berriz, Valentzian antolatutako torneoan.
Josu Tornay. Donostia.

Anatoli Karpov
eta Garri Kasparov, atzo, Valentzian egindako aurkezpenean. KAI FÖRSTERLING/EFE.

Karpov eta
Kasparov, 1984ko Munduko Txapelketako finalean. BERRIA.
Kirol munduan
izan dira lehia handiko norgehiagokak, baina gutxi Anatoli Karpoven eta Garri Kasparoven
artekoak bezalakoak. Atzo, elkarrekin agertu ziren Valentzian. Gaurtik aurrera
elkarren kontra ariko dira, Valentzia, xake modernoaren sorleku izeneko
sinposioaren barruan. Gaur eta bihar 25 minutuko partidetan ariko dira, eta
ostegunean bost minutuko zortzi partida azkar jokatuko dituzte. Atzo, aspaldiko
polemika eta ika-mika giroa ahaztu, eta lagun gisa agertu ziren jendaurrean.
Karpovek Kasparovi buruz esan zuen berriro lehiatzea erabakiko balu munduko
onenetakoa litzatekeela. Kasparovek, berriz, denborak guztia «sendatzen» duela
esan zuen, eta kontrarioaren jarrera txalotu, 2007an Putinen kontrako
manifestazio batean atxilotu zutenean babesa agertu zioten bakarrenetakoa izan
zelako.
Karpov-Kasparov
lehiek iragana dute oinarri. Sobietar Batasuna 1991n desagertu zen, baina 80ko
hamarkadan hasi zen desegiten. 1980ko Olinpiar Jokoekin sistemaren prestigioa
unerik gorenean zegoen, baina bederatzi urte geroago gain behera zihoan.
Tartean, garai zahar eta berrien arteko tentsioak ikusi ziren, eta xake mundua
erakusleiho berezia izan zen horretarako. Sobietarrek xake mundua menperatuta
zeukaten eta Karpov zen sistemaren izarra: Errusiarra, metodikoa, hitz
gutxikoa, alderdikoa eta herritik irtendakoa. Kasparov, berriz, pertsona
heterodoxoa zen: Azerbaijandarra, aita judukoa, berritsua, intelektuala eta
demokraziaren aldekoa. Baina ezaugarri batean antz handia zeukaten: Biak ziren
irabazle hutsak. Eurentzat partida bakoitza gerra bat zen, irabaztea
normaltasuna eta ez irabaztea paregabeko hondamena.
1984. urtean
Munduko Txapelketako finala jokatu zuten Moskun. Hura izan zen mugarria eta
haren 25. urteurrena ospatuko dute Valentzian. Kasparov gazteak (22 urte) ez
zuen bakarrik Karpoven kontra jokatu behar (34 urte), instituzio baten kontra
baizik. Norgehiagoka Karpoven alde zegoela -berdinketa asko eta bost garaipen
errusiarraren alde-, Kasparov hasi zen partidak irabazten. Hilabeteak
zeramatzaten ordurako lehian (48 partida), eta Kasparov 5-3 hurbildu zitzaion
Karpovi. Karpov oso ahul zegoen -ospitalera joan behar izan zuen behin baino
gehiagotan- eta une horretan FIDEk, Nazioarteko Xake Federazioak, txapelketa
bertan behera uztea erabaki zuen, jokalarien osasuna babesteko asmoz. Han sortu
zen gerora hazitako ezinikusia. Kasparovi ez zitzaion gustatu erabakia, eta
polemika handia sortu zen xake munduan. Karpov-Kasparov lehiak are gogorrago
bihurtu ziren handik aurrera. 1985ean, arau berriekin, Kasparov nagusitu zen,
13-11, eta munduko txapeldun bihurtu zen. 1986an Kasparov berriro nagusitu zen
(12,5-11,5). 1987an ere Kasparovek irabazi zuen, zorte apur bat edukita,
Karpovek azken partidan huts handia eginda. Norgehiagoka hori 12-12 bukatu zen,
baina araudiak Kasparovi eman zion berriz ere txapela. Euren azken norgehiagoka
1990ekoa izan zen. Berriz ere, gutxigatik, Kasparovek irabazi zuen (12,5-11,5).
Hortik aurrera, nahasmena heldu zen xake mundura. Kasparovek PCA Xake Elkarte
Profesionala sortu zuen eta PCAko txapeldun bihurtu. Bestalde, Karpov FIDEko
txapeldun bihurtu zen. Beraz, urte askoan biak izan ziren munduko txapeldunak.
Gaur egun biak
momentu onenetik urrun daude. Karpovek oraindik jokatzen du, baina oso torneo
gutxitan. Kasparov, berriz, politikan sartuta dago, Putinen erregimenaren
kontra, baina arrakasta gutxirekin. Hori dela eta, Errusiako kartzelak bisitatu
ditu. Hala ere, zaleek ez dituzte ahaztu 80ko hamarkadako une sutsu horiek:
Partida zirraragarriak, adierazpen polemikoak, edertasuna taularen gainean...
Garai hartan, adibidez, bien arteko partida batzuk Frantziako eta Espainiako
telebistetan eman zituzten zuzenean, eta bi jokalariak diru sarrera gehien
lortzen zuten kirolarien artean zeuden. Marka handiek babesten zituzten euren
arteko partidak, eta munduko hiri garrantzitsuenek nahi zituzten.
Bi jokalariak, etsita.
Valentziako norgehiagoka polita izango da
nostalgikoentzat. Adituen artean ere badago jakin-mina zer gertatuko den
ikusteko. Mundu osotik joango dira zaleak hara eta partidak zuzenean ikusiko
dituzte kontinente guztietan. Biak ondo prestatu dira eta zaleek badakite ez
duela inork amore emango. Bi jokalariak, dena dela, nahiko etsita mintzatu
ziren atzo, gaur egungo xakearen inguruan. «Beste kirolekin konparatuta, xakeak
bere urrezko aroa pasatzen utzi du. Ni konforme nengoke zilarrezko aroa helduko
balitz», esan zuen Anatoli Karpovek. Harantzago joan zen Kasparov kontrarioa:
«Gure partidek xake modernoaren bilakaeran eragina izan zuten eta askok haiekin
ikasi zuten jokatzen. Orain energia gehiagorekin jokatzen da, dinamismo
handiagoarekin, jokalarien adinak behera egin du, baina jada ez dute betetzen
guk betetzen genuen rola. Nortasuna eta glamour-a galdu egin dira».
“Beste kirol batzuekin konparatuta, xakeak bere urrezko
aroa pasatzen utzi duela iruditzen zait”.
ANATOLI KARPOV.
Xake jokalaria.
“Oraingoek ez dute betetzen guk betetzen genuen rola.
Nortasuna eta ‘glamour’-a galdu dira”.
GARRI KASPAROV.
Xake jokalaria.
© berria.info